XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Luisi ez zenion analisiena aipatu kafean, zuen kafe hartan, senarrarekin inoiz egon ez zaren kafean. Zertarako.

Gutxi hitz egin zenuen.

Gauzak hondatu besterik ez zenuen egin, baina azken aldiz egon nahi zenuen Luisekin.

Gorilak ikustea bezalako zerbait izan zen, baina gorilek ez zizuten ezer eskatzen, gorilek ez zizuten ezer galdetzen, begiratu ere ez zizuten egiten, gorila eme haren zeharkako begirada hura bakarrik, baina ez zaude oso ziur zuri begiratu zizun ala aldameneko umetxoaren garrasi zorrotzagatik begiratu zuen zu zeunden alderantz.

Luis ez zen gorila.

Luisek zerbait susmatu zuen eta zer gertatzen zitzaizun galdetu zizun.

Ez zizun sinetsi berarengana bueltatzeko aukera irekia uzten zenuela.

Ahotsean antzeman bide zizun ez zela egia.

Ez zuen ulertzen, ez zuen ulertu nahi zergatik, senarrarekin hausteko erabakia hartuta, ez zinen berarekin gelditzen segituan.

Batzuetan bai, ulertzen zuela esaten zuen eta hala zirudien, ulertzen zuela bakarrik egon nahia, baina berehala hasten zen esaten bere ondotik alde egiten bazenuen damutu egingo zinela eta senarrarengana joango zinela.